XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HITZ BATZU AURKEZPEN MODUAN. SARRERA

Gaurregungo Nafarroan, denek, bertakoek nahiz kanpotarrek, aitortzen duten bi hizkuntzaren, hots, erromantzearen eta euskararen, elkarbizitza gertakari historikoa dela ezin uka.

Poblazio guneak, mendi, muino, erreka eta besteren antzera, gure kultur-ondarearen zati nagusi diren bi mintzaira horietan izan dira, eta dira, deituak.

Horregatik Euskaltzaindiak, dituen eginbeharren artean euskal onomastika zaintzea eta finkatzea baitago, INSTITUTO NACIONAL DE ESTADISTICA delakoaren izendegiko poblazio entitateen izen euskaldunak eskaintzearekin errealitate hori erakutsi nahi izan du honako txosten honetan.

Lan honen ardura Komunitate honetako Gobernuak gomendatu zion, Foru Parlamentuak onetsitako Euskararen legea bete asmoz.

Agintariei dagokie, indarrean dauden legeen babesean, izenon isladatze ofizial eta erabiltze publikoa, errespetu eta tolerantzia giro batean.

2. METODOLOGIA Leku-izen bakoitzaren azterketarako bi motatako dokumentazioa bildu zen: idatzizkoa, inprimatua zein inprimatugabea (bibliografia eta artxibategiak), eta inkesta bidez lorturiko ahozkoa.

Aldez aurretik Komunitatearen lurraldea hiru eremutan zatikatu zen (eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez euskalduna), Euskararen legeak dioenari jarraikiz.

2.1. DOKUMENTAZI0 IDATZIA Toki-izen bakoitzaren azterketa sakona burutu eta erabakirik egokienak hartu ahal izateko, Onomastika Batzordearen kideek txosten honekin batera aurkezten diren materialak hartu zituzten aintzat, beste zenbaitetaz gain.

Lehendabiziko informazio multzoa dokumentazio idatzitik (bibliografia eta artxibategietatik) atera zen.

Orain arte ez zen sekulan sistematikoki bildu, oker ez bagaude, honenbeste informazio izen hauen gainean.

Bistakoa da Nafarroako Foru Komunitatearentzat ezezik, historialari eta filologoentzat ere interes berezia izan dezakeela.

Hau dela eta, lana bukatu aitzin, Onomastika Batzordeak egoki eritzi zion gutxienez aipaturiko dokumentazio horren zatirik garrantzizkoena argitaratzeari, eta horrela jakin erazi zion Nafarroako Gobernuari.

Aurrerago Bibliografia eta miatutako Artxibategien zerrenda eskaintzen dugu.